
“Ondare migratua” proiektuaren barnean egindako landa-lanak aukera eman du salmenta, lagapen, abandonu edo lapurreta bidez lekuz aldatu ziren ehun altzari eta pieza baino gehiago dokumentatzeko.
Proiektuak Landa Garapeneko Departamentuaren eta Europar Batasunaren finantziazioa du, Nafarroa 2023-2027 NPEPEren bitartez.
Antsoain, 2026-05-15. – Cederna Garalur Elkarteak sustatutako “Ondare migratua” izeneko proiektuak aukera eman du Nafarroako Mendialdeko 105 ondasunen memoria berreskuratzeko; jatorrizko kokalekutik desagertu ziren ondasun horiek salmenta, lagapena, indarrezko ebastea nahiz abandonua eta ahanztura direla medio. Ondasun horiek deskribatu eta katalogatu egin dira. Proiektua, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak EBk finantzatu dute Nafarroa 2023-2027 NPEPEren bitartez.
Proiektuaren emaitzen aurkezpen publikoan parte hartu dute Rubén Goñik (Landa Garapeneko zuzendari nagusia), Arantxa Arreguik eta Carlos Garcíak (Cederna Garalur Elkarteko presidenteak eta tokiko garapen-agenteak) eta Juantxo Aguirrek (Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, proiektuaren alderdi teknikoaren arduraduna).
Objektuak baino askoz gehiago: Gure historia bizia.
Carlos Garcíaren hitzetan, “Ondare migratua” izeneko proiektuak ez du objektu arkeologikoen ohiko katalogazio bat egitea helburu. Bidaia emozional bat da, tokiko parte-hartzea sustatzen duena, ondareari balioa nabarmenduz eta tokiko garapenaren motor bihurtuz”.
Ildo horretan, Juantxo Aguirrek tokiko elkarteen eta norbanakoen inplikazioa azpimarratu du; horri esker, 105 ondasun higigarri identifikatu eta deskribatu ahal izan dila, oso kategoria eta garai desberdinetakoak, arte-objektuetatik hasi eta argazki-bildumetaraino edo industria-ondareraino. Erakusketan hainbat adibide aipatu ditu: besteak beste, Errondoko eliza erromanikoaren tinpanoa, gaur egun New Yorkeko Metropolitar Arte Museoan dagoena; Zangozako “Henrike II.a Albretekoa” funtsen katalogazioa; Olatzagutiko Neolitoko hezur-hondakinak; edo Ezkarozeko Arrandoko errota berreskuratzea.
Identitatedun geroa.
Arantxa Arreguiren hitzetan, “Ondarea ez da iraganeko zerbait soilik, gure nortasuna ere definitzen du. Gazteek arimadun lekuetan bizi nahi dute. Gure historia gure nagusien bidez berreskuratzeak belaunaldien arteko loturak estutzea, gure nortasuna eraikitzea eta gure herriekin lotura emozionala sortzea esan nahi du”. Rubén Goñik, berriz, azpimarratu du ondareak ekonomia-baliabide gisa duen ahala, turismoaren esparrutik haratago ere, hori baita ekonomia-garapenerako programen helburuetako bat. Izan ere, Juantxo Aguirreren hitzetan, “Toki-erakundeak gaurgero ari dira aurkikuntza horiei balioa nola nabarmendu pentsatzen, auzolanen bidezko jarduerak, ikasleentzako bisitak nahiz zientzia-jarduerak antolatuz”.
Herritarrengandik klik batera.
Aurkikuntza horiek zabaltzeko eta haien memoria kolektiboa gordetzeko, laster jendearentzat irekiko den online katalogo bat prestatzen ari dira. Atari horrek datu historikoekin eta argazkiekin batera proiektuaren fitxa deskribatzaileak jasotzeaz gain, ondasunak jatorrizko lekura itzultzeko proposamenak ere eginen ditu; besteak beste, berreraikitze birtualak, seinaleztapen-panelak nahiz, zergatik ez, pieza behin betiko berreskuratzea.
Argibide gehiagorako:
- Lorea Jamar. Proiektuetako teknikaria. 639 900 318. ljamar@cederma.es
- Carlos Garcia. Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragilea Pirinioaurrean. 639 905 359. prepirineo@cederna.es
