21 udalerri, lurralde bakarra: Baztan-Bidasoaren urrats erabakigarria

Baztan-Bidasoa eskualdeko 21 udaletako alkateek lurraldearen garapen sozioekonomikoa modu koordinatuan eta jasangarrian bultzatzen jarraitzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute pasa den ostegunean Donezteben, Aitor Larraza Karrerarekin batera (Cederna Garalurren ordezkari gisa).

Erakunde-aliantza honek udalerri hauek biltzen ditu: Baztan, Zubieta, Ituren, Eratsun, Ezkurra, Beintza-Labaien, Urroz, Donamaria, Oiz, Elgorriaga, Bertizarana, Bera, Lesaka, Arantza, Igantzi, Etxalar, Sunbilla, Doneztebe/Santesteban, Saldias, Urdazubi eta Zugarramurdi. Akordioak globalean pentsatu eta eskualdean jardun premisa estrategikoari erantzuten dio, lokalismoa garapen parte-hartzaileagatik ordezkatu nahian, eskualde kohesionatu, lehiakor eta erakargarriagoa eraikitzeko.

Bost esparru estrategiko etorkizunerako

Lana bost esparrutan egituratuko da, udal-ordezkariek eta Cederna Garalurreko teknikariek osatutako talde eragileek kudeatuta:

  • Eskualdeko Aktibazio Plana: Estrategiaren ardatz nagusia eta aterkia da; enpresa-sarea indartzera bideratua dago, egungo negozioen jarraipena eta belaunaldi-aldaketa lehenetsiz, ekintzailetza-kultura sendoa sustatzeko.
  • Turismoaren Garapena: Eskualdeko marka eta “Uraren Bailarak” bezalako proiektu estrategikoak indartzea.
  • Tokiko Elikadura Sistemak: Gertuko ekoizpen- eta kontsumo-zirkuituak bultzatzea.
  • Eskualdeko Merkataritza Zerbitzua: Tokiko merkataritzaren dinamizazioa eta Top Topa zein Izoki bezalako proiektu gakoen jarraipena.
  • Eskualdeko Azpiegitura eta Zerbitzuak: Baliabide estrategikoen kudeaketa partekatua. Eremu hau Iruritako (Baztan) hiltegiaren proiektuarekin hasten da, eta etorkizunean eskualdeko estrategian txertatuta dauden beste zerbitzu garrantzitsu batzuk sartu ahal izanen ditu, hala nola ZUNDA zentroa.

Garapenaren eta lurralde-kohesioaren aldeko erakunde-aliantza

Kudeaketa profesionala bermatzeko, hitzarmenak Jarraipen Batzordea eratzen du; bertan, udal bakoitzak ordezkaria eta balio bereko botoa izanen ditu. Era berean, finantzaketa partekatua eta solidarioa ezartzen da, udal bakoitzaren baliabideen araberako ekarpenekin, ekintza guztien bideragarritasun teknikoa eta ekitatea ziurtatuz.

21 udalerri, 2031ra arteko ibilbide-orri komun batekin Hitzarmenaren hasierako iraupena 2029ra artekoa bada ere, sinatzaileek lankidetza hau 2031ko abendura arte luzatzeko borondatea agertu dute. Epe luzeko begirada honekin, eskualdeak plangintza estrategikoaren aldeko apustua berresten du, Baztan-Bidasoa aukerak sortzeko eta biztanleria finkatzeko gaitasuna duen lurralde gisa sendotuz.

Scroll to Top