Cederna Garalur Elkarteak 1,6 milioi eurotik gorako beste laguntza-deialdi bat zabaldu du Nafarroako Mendialdeko landa-garapenerako

  • Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 23an amaituko da, 9:00etan.
  • Proiektu produktiboek % 40rainoko finantzaketa jaso ahal izanen dute; ekimen ez-produktiboek, berriz, laguntzaren % 75erainoko intentsitatea izanen dute.
  • Deialdi honetako berrikuntza gisa, administrazio-izapideak sinplifikatu eta baremazio-irizpideak optimizatu dira.

Cederna Garalur Elkarteak hirugarren laguntza-deialdia abiatu du Nafarroako Mendialdeko udalerrietan landa-garapenerako proiektuak bultzatzeko. Deialdi honetako aurrekontu-partida 1,6 milioi eurotik gorakoa da, lurraldeko ekonomia-jarduera sendotzeko, ekintzailetza sustatzeko eta tokiko zerbitzuak eta ekipamenduak hobetzeko.

Dirulaguntza-ildo honetara aurkeztu ahal izanen dira, bai onura ekonomikoa lehenesten duten proiektu produktiboak, bai batez ere gizarte-helburuak dituzten proiektu ez-produktiboak. Onuradun izateko, aurkeztutako proposamenek bat egin beharko dute “Cederna Garalur Elkartea 2023-2027”  Tokiko Garapen Parte-hartzailerako Estrategiaren (TGPE) ildo estrategikoekin.

Berritasun nagusiak eta finantzaketa-ehunekoak

Deialdi berri honek hainbat hobekuntza garrantzitsu dakartza, lurraldeko sustatzaileek funtsak eskuratzeko aukera errazte aldera:

  • Proiektu produktiboak:  ekonomia-arloko ekimenek inbertsio hautagarriaren % 40rainoko finantzaketa jaso ahal izanen dute, 60.000 eta 80.000 euro arteko exekuzio-aurrekontuaren gainean.
  • Proiektu ez-produktiboak: interes publikoko edo gizarte-intereseko jarduerek % 75erainoko laguntza-muga izanen dute, 80.000 euroko gehieneko dirulaguntzarekin.
  • Izapideak arintzea: eskaera-prozesua errazteko, izapide batzuk eta baremazio-irizpideak sinplifikatu dira.

Eskaerak aurkezteko epea eta aholkularitza

Deialdiaren oinarri osoak eta dagokion dokumentazioa Cederna Garalur Elkartearen webgunean daude gaurgero eskuragarri. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 23ko 9:00ak arte egonen da zabalik. Interesa duten pertsonek edo erakundeek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izanen dute Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdean dituen garapen-agentzien bidez. 

Laguntza-deialdi hau Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak eta EBko Landa Garapenerako Europako Nekazaritza funtsek (LGENF) finantzatzen dute, “Nafarroa 2023-2027” Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) barnean.

Argibide gehiagorako:  

Scroll to Top