
Nafarroako landa-eremuko hurbileko merkataritzak salmentetan neurrizko hobekuntza izan du 2025ean eta, lehen aldiz, sektorearentzat asegarritzat jotzen den adierazlea lortu du: 55,37 puntu. Hala jasotzen da berriki argitaratutako sektorearen egoerari buruzko azken txostenean.
Txostena dagoeneko eskuragarri dago Cederna Garalurren webgunean. Bertan landa-merkataritzaren bilakaera aztertzen da eta agerian geratzen da, aurrerapausoak eman diren arren, sektoreak etorkizunari zuhurtziaz begiratzen diola oraindik. Konfiantza-indizea 49,50 puntutan dago, asebetetze-maila markatzen duen 55 puntuko langatik behera; horrek erakusten du susperraldia oraindik ez dela erabat sendotu.
Egoera hori azaltzen duten faktore nagusietako bat kostuen presioa da. Merkatarien %58,6k hornitzaileen prezioak igo direla adierazi du, eta gehienek gastu finkoen gorakada ere nabaritu dute. Horrenbestez, salmenten hazkundea ez da errentagarritasunean islatzen.
Txostenak, halaber, funtsezko beste adierazle batzuek okerrera egin dutela adierazten du, hala nola stock-mailak (45,85 puntu) eta salmenta-itxaropenek (47,30 puntu), biak ere nahikotzat jotzen ez diren mailetan.
2026ari begira, sektoreak tentuz ekingo dio etorkizunari: saltokien % 72 inguruk salmentak mantentzea edo hobetzea aurreikusten du, baina egonkortasunerako eta kostuei eusteko estrategiak dira nagusi.
Gainera, analisiak egiturazko erronka garrantzitsuez ohartarazten du, hala nola merkataritza-sarearen zahartzeaz eta belaunaldi-erreleborik ezaz: datozen urteetan 300 establezimendu baino gehiagoren jarraipena arriskuan jar dezakete.
Oro har, landa-merkataritzak jardueran aurrera egiten duela islatzen du txostenak, baina oraindik ere marjina estuei, konfiantza baxuari eta zalantzazko testuinguru ekonomikoari aurre egin behar diela. Horrek indartu egiten du sektorearentzako berariazko laguntza-neurriak bultzatzen jarraitzeko beharra.
