Merkataritza bizitza da

Altsasuk Sakanako tokiko merkataritza bildu du bere orainaz eta etorkizunaz gogoeta egiteko

Ekainaren 5ean, Altsasuko Iortia Kultur Gunean “Merkataritza Bizitza Da / El comercio es vida” mahai-ingurua egin zen, hurbileko merkataritzaren inguruko gogoeta eta elkarrizketarako jardunaldia. Bertan, erakundeetako ordezkariak, lurraldeko eragileak eta, bereziki, Sakanako tokiko merkataritzako kideak elkartu ziren. Topaketak ideia argi bat jarri zuen mahai gainean: tokiko merkataritza ez dago gainbeheran, izaera galdu gabe egokitzea eskatzen duen eraldaketa prozesu batean baizik.

Jardunaldia Nafarroako Gobernuak, Cederna Garalur Tokiko Ekintza Taldeak eta Altsasuko Udalak sustatu zuten, eta Sakanako Dendak Elkartearen zein Altsasuko Dendari eta Zerbitzuen Elkartearen parte-hartze aktiboa izan zuen; azken hori arduratu zen proiektua gauzatzeaz, Hegan Proiektuarekin batera. Hegan Proiektua, berriz, bi ekintzaile gaztek bultzatutako ekimena da, tokiko merkataritzarako berrikuntza eta begirada berriak sustatzea helburu duena.

Esparru instituzionala, tokiko merkataritzaren zerbitzura

Mahai-inguruari hasiera emateko, lehen zatian merkataritza sektore estrategiko gisa aurkeztu zen. Atal horretan hitza hartu zuten Pablo Ezkurra Fernández Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak eta Andoni Martín Torrecillasek, Cederna Garalur elkarteko merkataritza teknikari eta Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Sareko kideak; azken zerbitzu hori Nafarroako Gobernuak eta Tokiko Ekintza Taldeek kofinantzatutako zerbitzua da.

Atal horretan azpimarratu zen Nafarroako merkataritza eraldaketa garai betean dagoela: bezeroek gertutasuna eta hurbileko tratua baloratzen jarraitzen dute, baina zuhurtziaz erosten dute, prezioak alderatzen dituzte eta esperientziak, koherentzia eta erosotasuna eskatzen dituzte. Sakana bezalako lurraldeetan, non harreman pertsonalak oraindik oso bizirik dauden, erronka da tokiko merkataritza berezi egiten duena indartzea eta egokitzeko tresnez hornitzea. Halaber, gaur egun sektoreak dituen baliabideak errepasatu ziren: bai laguntza publikoen deialdien bidez lor daitezkeenak, bai Denok Bat Merkatarien Federazioak eskaintzen dituen zerbitzuetatik datozenak.

Dendak / Tiendas: jardunaldiaren bihotza

Mahai-inguruaren atal nagusia “Dendak/Tiendas” izan zen, eta ahotsa eman zitzaien Sakanako hurbileko merkataritzaren aniztasuna eta indarra ordezkatzen duten benetako saltokiei. Parte hartu zuten:

  • ML Neskak (Altsasu), moda eta osagarriak
  • Tu Tienda Especial (Altsasu), moda eta osagarriak
  • Lorea (Altsasu), loradenda eta belar-denda
  • Ferretería Aralar (Lakuntza), burdindegia

Merkatariek, eguneroko praktikatik abiatuta, esperientziak eta ikasitakoak partekatu zituzten. Denek bat egin zuten ideia batean: gaur egun ez da nahikoa produktua saltzea; beharrezkoa da arreta pertsonalizatua eskaintzea, aholkularitza zintzoa ematea eta erosketa esperientzia zaindua bermatzea. Enkarguak erraztea, postontzietan banatzea, azkar erantzutea, produktuen jatorria azaltzea edo komunikazioa bezeroen benetako ohituretara egokitzea funtsezko ekintza bihurtu dira.

Tresna digital xumeen erabilera ere nabarmendu zen — hala nola WhatsApp, sare sozialak edo bilatzaileetako presentzia —, ez berezko helburu gisa, baizik eta tokiko merkataritza eskuragarriago egiteko aukera gisa. Ondorioa argia izan zen: egokitzeak ez du nortasuna galtzea esan nahi, nortasuna indartzea baizik.

Zaintza eta berrikuntza: lurraldeari eusteko gakoak

Mahaiak merkataritzak pertsonen eta komunitatearen zaintzan duen papera ere jorratu zuen, Urdiaingo Urdiain Botika eta Teknoadineko Sarearen parte-hartzearekin. Tokiko saltokiek oinarrizko beharrak asetzeaz gain, lagundu, pertsonalizatu, entzun eta ongizatea sortzen dutela azpimarratu zen, batez ere bakardadea eta zahartzea benetako erronkak diren landa-inguruneetan.

Bukatzeko, Berrikuntza / Innovación atalean, Naroa Irizar Arrondok eta Joseba Ortigosa Gonzálezek hartu zuten hitza Hegan Proiektua ordezkatuz: joera berrietan, lankidetzan eta aukera berrietan oinarritutako begirada berritzailea ekarri zuten. Beren mezua argia izan zen: tokiko merkataritzaren etorkizuna sarean pentsatzea, esperimentatzea eta proiektu kolektiboetan oinarritzea da.

Mezu bateratua: tokiko merkataritzak etorkizuna du

Iortia Kultur Gunean burututako jardunaldiak mezu baikor eta, aldi berean, errealista utzi zuen. Nafarroako tokiko merkataritzak balioa, baliabideak eta etorkizuna ditu, baina etorkizun hori egokitzapenetik, lankidetzatik eta lurraldearekiko loturatik eraikitzen da. Denda batek eboluzionatzen duenean, ez da soilik negozio bat indartzen: herri oso bat bizirik mantentzen da.

Scroll to Top