CEDERNA GARALUR Elkarteak 78 enpresa berri eta 88 lanpostu sortzea bultzatu du Nafarroako Mendialdean 2026ko lehen seihilekoan

Erakundeak 248 ekintzaileri lagundu die eta ekintzailetza landa-eremuko garapenaren eta biztanleria bertan finkatzearen eragile nagusietako bat dela berretsi du.

Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdean 78 enpresa berri abian jartzen lagundu du 2026ko lehen seihilekoan. Ekimen horri esker, 88 lanpostu berri sortu dira, eta lurraldeko ekonomia- eta enpresa-sarea sendotu dira.

Emaitza horiek Cederna Garalur Elkarteak Nafarroa Ekintzailea Sareko erakunde laguntzaile gisa ekintzailetzari laguntzeko ematen duen zerbitzuaren baitan kokatzen dira. Programa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzua–Nafar Lansarek beste erakundeekin batera finantzatzen du, eta helburua du ekintzaileei beren proiektua definitzen hasten direnetik sendotu arteko bidean laguntza ematea.

Urteko lehen sei hilabeteetan, erakundeak 248 ekintzaileri eman die aholkularitza; horietatik 142 emakumeak izan dira, eta 106 gizonak. Datu horrek agerian uzten du emakumeek gero eta protagonismo handiagoa dutela enpresak sortzeko orduan, eta Nafarroako landa-eremuetan dagoen ekintzailetza-dinamismoa ere islatzen du.

Enpresa-ekimen berrien forma juridikoari dagokionez, 71 proiektu enpresaburu indibidual edo sozietate irregular gisa eratu dira; beste zazpik, berriz, sozietate-formulak aukeratu dituzte, besteak beste sozietate mugatuak eta mikrokooperatibak.

Enpresak sendotzeko laguntza

Cederna Garalur Elkarteak enpresei hazten eta lehiakortasuna hobetzen ere laguntzen die. Horrela, lehen seihilekoan, bi urtetik beherako jarduna duten 87 enpresari eman die aholkularitza (horietatik 56 emakumeek eta 31 gizonek gidatutakoak), eta, era berean, bi urtetik gorako ibilbidea duten 66 enpresari ere lagundu die (41 emakumeek eta 25 gizonek gidatutakoak).    

Prestakuntza, lankidetza eta ekintzailetza-kultura

Cederna Garalur Elkarteak ekintzailetza-kultura sustatzeko eta enpresa-gaitasunak hobetzeko jarduerak ere antolatzen ditu Horien artean nabarmentzekoak dira bi Ekintzailetza Mahai egin izana, “Autoenplegua, enplegurako bestelako aukera bat” izeneko tailerra, hiru saio “Ekintzailetza-esperientziak lehen pertsonan” izenburupean, eta ekintzailetzari lotutako 25 foro eta ekimenetan parte hartu edo haiei babesa eman izana.

Halaber, Nafarroako Mendialdeko ekintzaileei eta autonomoei bideratutako lau online tutorial eman dira, haien negozioak kudeatzeko funtsezkoak diren alderdiak jorratzeko; besteak beste, zerga-sistema, fakturazioa eta izapidetze elektronikoa.

Jarduera horien bidez, Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdearen ekonomia-garapen jasangarriarekin duen konpromisoa berretsi du, enplegu-aukerak sortzea bultzatuz, tokiko enpresa-sarea sendotuz eta ekintzailetzari emandako laguntzaren bidez landa-eremuan biztanleria finkatzen lagunduz.

Scroll to Top