
Sustraiak Habitat Design kooperatibarekin lankidetzan garatutako ekimen honek laguntza teknikoa emanen ditu 2026ko iraila eta 2027ko apirila bitartean, Baztan-Bidasoko eta Mendialdeko nekazaritzako elikagaien sektoreko ekoizleentzat eta ekintzaileentzat.
Cederna Garalur Elkarteak lanean jarraitzen du elikadura-sistema tokikoak eta jasangarriak indartzeko, hurbileko nekazaritzako elikagaien ekoizpena sendotuko duten ekimenak sustatuz. Testuinguru horretan, eta Sustraiak Habitat Design kooperatibarekin lankidetzan, doako prestakuntza- eta aholkularitza-programa bat jarriko du abian, zein bere jarduera-eremuan ekoizpen-proiektu jasangarriak garatzen ari diren edo garatu nahi dituzten pertsonentzat.
Programa 2026ko iraila eta 2027ko apirila bitartean gauzatuko da, seina orduko zortzi saio presentzialen bidez. Jardunaldietan hainbat gai jorratuko dira; besteak beste, baratzezaintza, frutagintza, abeltzaintza, ekoizpen-proiektuen eguneroko antolaketa eta kudeaketa, eta ekoizpen-eredu jasangarriak diseinatzea.
Ekimen honen helburu nagusia da baliabideak, ezagutzak eta laguntza teknikoa ematea nekazaritzako elikagaien ekoizpen-eredu jasangarrietan lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsonei. Programa hau ekoizpen-jardueran hasi nahi duten pertsonei zein beren ekoizpena dibertsifikatu edo ustiategietan gaurgero erabiltzen dituzten teknikak hobetu nahi dituztenei bideratuta dago.
Horrez gain, biodibertsitatea sustatzeko, lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta ekoizpen-sistema erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzeko tresnak eta ezagutzak emanen dira.
Lurraldeko ekoizleei eta ekintzaileei bideratutako programa
Prestakuntza Nafarroako Mendialdean nekazaritzako elikagaien inguruko ekoizpen-proiektu bat duten edo abian jarri nahi duten pertsonei zuzenduta dago, baita ekoizpen-eredu horietan lan egiten dutenei edo egin nahi dutenei ere.
Parte hartu ahal izanen dute bai proiektu baten hasierako fasean dauden pertsonek, bai gaurgero jarduera martxan dutenek eta jarduera hori dibertsifikatu, hobekuntzak txertatu edota kudeaketa-praktika berriak ezarri nahi dituztenek.
Aholkularitza-saioak taldekakoak izanen dira, eta taldeak sei-zortzi pertsonakoak izanen dira; horrela, esperientziak trukatzeko eta laguntza pertsonalizatua emateko aukera egonen da. Edukiak bata besteari lotuta daudenez, programatutako saio guztietara joateko konpromisoa eskatuko da.
Plazak mugatuak direnez, lehentasuna izanen dute nekazaritzako elikagaien ekoizpenari lotutako jarduera profesional bat garatzen ari diren edo garatzeko asmoa duten pertsonek. Halaber, hautaketa-prozesuan aintzat hartuko da profilen aniztasuna adinari, jatorriari eta generoari dagokienez, baita hautagaien motibazioa eta jarrera pertsonala ere.
Ustiategien kudeaketa hobetze aldera
Prestakuntza-programaren osagarri gisa, parte-hartzaileek beren lurren analisi kimiko eta mikrobiologikoa egiteko aukera izanen dute.
Tresna horri esker, finka bakoitzaren ezaugarriak hobeto ezagutu ahal izanen dira eta emaitzen interpretazioa erraztuko da, programak barne hartzen duen laguntza teknikoari esker; horrek guztiak erabakiak hartzen eta ekoizpen-errealitate bakoitzera egokitutako hobekuntzak ezartzen lagunduko du.
Sare-lana sustatzeko prestakuntza ibiltaria
Saioak Baztan-Bidasoa eta Mendialdea eskualdeetako hainbat herritan eginen dira. Metodologia ibiltari honen bidez, ikaskuntza praktikoa bultzatzeaz gain, parte-hartzaileen artean sareak sortzea sustatu nahi da, baita lurraldean gaurgero garatzen ari diren esperientziak, metodologiak eta praktikak ezagutzera ematea ere.
Izen-emateak zabalik uztailaren 15era arte
Izena emateko epea 2026ko uztailaren 15era arte egonen da zabalik.
Interesdunek jarraian ageri den esteka horretan izena emateko ageri den formularioa bete beharko dute: labur.eus/aholkul.
Eskaera bidalitakoan, Cederna Garalur Elkarteak mezu elektroniko bidez egiaztatuko du izen-ematea ongi jaso dela.
Informazio gehiago
Interesdunek informazio gehiago jaso dezakete honako hauen bidez:
Itsasne.
Bidasoko elikadura-sistemaren dinamizatzailea.
bidasoa-elikadura@cederna.es
674 02 47 66
Marta
Mendialdeko elikadura-sistemaren dinamizatzailea.
mendialdea-elikadura@cederna.es
607 51 55 84
Ekintza hau «Tokiko nekazaritzako elikadurarako bide berriak» lankidetza-proiektuaren parte da, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatuta, 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) barnean.n Estrategikoaren esparruan eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako proiektua da.

