
Urriaren 3an Galbaraialden (Doneztebe) antolatu ziren jardunaldiak, “Tokiko elikadura sistemak: zer dira eta nola eragin Baztan-Bidasoan” izenpean arrakastatsuak izan ziren. 30 pertsona baina gehiago bertaratu ziren. Goizeko bederatzietan hasi zen ekimena, Adela Arlegi eta Leire Mitxelenak, Baztan-Bidasoa elikadurako udal ordezkariak, eta Ibon Mimentza Cederna Garalurreko zuzendari kudeatzaileak eman zioten hasiera ekitaldiari.
Aurreikusita bezala, jardunaldietako lehen zatiarekin jarraitu zen ondoren. Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria, EHUko irakasle eta ikertzaileak elikadura sistemak zer diren, eta mundu mailako testuinguraketa bat egin zuen. Azpimarratuz askotan elikadura sistemaren izozmendiaren punta bakarrik ikusten dugula eta ez ditugula kontutan hartzen elikadurak etxe, sukalde, sistema natural eta abarretan duen eragin zuzena.
Jarraian, Baztango udaleko landa garapenerako eta tokiko ekonomia zinegotziak, Lorea Lizarreta Insaustik tokiko elikadura sistemak garatu eta indartzerakoan tokiko entitateek joka dezaketen papera azpimarratu zuen. Lizarretaren hitzetan, “zenbaitetan elikadura ez da udal konpetentzia bezala ulertzen, baina ideia guztiz okerra da, izan ere elikadura erabat lotuta dago udal konpetentzia bezala ulertzen diren beste alor batzuekin. ” Agroekologiaren Aldeko Udalerrien Sareak udalei egindako proposamenen zerrenda mahaigaineratu zuen eta Baztango udalak azken urteetan egindakoa azaldu zuen.
Lehen atalarekin amaitzeko, tokiko entitate batek, ekoizle eta gainontzeko herritarrekin batera, martxan jarritako ekimena plazaratu zen. Ibon Mitxelena Fernandez, Oiartzungo burujabetza eta ekonomia sozialeko zinegotziak Oiartzun burujabe egitasmoa zertan datzan azaldu zuen eta elikadura mahaiaren nondik norakoak azaldu zituen. Mitxelenaren hitzetan, egungo egoera honetan, herritik eta herriarentzat sortutako alternatiba gauzagarri bat sortu nahi zuten, eta horretarako ezinbesteko zen elikaduraren gaiari heltzea. Hainbat dira alor honetan lantzen ari diren ekintzak, hala nola, nekazaritzarako lurrak erostea, agroaldeen sorrera, ordezkapen sistemaren ezartzea, HemenGuk zigiluaren sorrera eta jangela komunitarioen transformazioa.
Galdera eta hausnarketarako tarte baten ondoren, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako Xardango ekoizleen elkarteko bi kidek elkartearen aurkezpena egin zuten. Eta ondoren, bertako produktuez osatutako hamaiketakoaz gozatzeko aukera egon zen.
Bigarren atalari hasiera emateko, Baztan-Bidasoko elikadura dinamizatzaileak, Itsasne Mendiberri Jaurenak, Bidasoa elikadura proiektua duela 4 urte martxan jarri zenetik egindako ibilbidearen laburpen bat egin zuen, garatutako ekimenak azaltzearekin batera: Bertako Elikagaien Ekoizpena. Bortziriak-Malerreka-Bertizarana liburuxkaren sorrera, Berako eta Doneztebeko udal haur eskoletako jantokien trantsizioa eredu osasungarri eta iraunkor baterantz, lurren azterketa eta aholkularitza agronomiko zerbitzua ekoizleendako, Lurretik Ikasiz egitasmoaren akonpainamendua, Xardango. Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako ekoizle elkartearen sustapena, Tokiko artoaren inguruko ikerketa, Berako eta Lesakako turismo bulegoetan bertako ekoizleen txokoa, eta abar. Aipatu zuen ere berriki Baztan elikadura proiektura batu zela eta aurrerantzean Baztan-Bidasoa eskualde mailan eginen zela lan, baita dinamizatzaile berri bat gehituko zela proiektuan ere, Akaitz Sarasola.
Ondoren, mahainguru bat egin zen Marta Barba Mendialdeko elikadura dinamizatzaileak gidatuta eta ondoko gonbidatuekin: Kalaska kooperatibaren Sakanako hiltegia eta zatikatze gela, Alegiko Sindikatoa, Itsasoko ekoizle eta kontsumitzaileen denda eta Bidaurretako nekazariak.
Kalaska kooperatibak Etxarri-Aranatzeko hiltegia eta zatikatze gela kudeatzen ditu, modu publiko-pribatuan, eskualde mailan hazitako azienda, eskualdean gelditzeko aukera emanez. Alegiko Sindikatoa berriz, dendaririk gabeko denda bat da, ekoizleak produktuz hornitzen dute denda eta kontsumitzaileak nahi dutenean joan dezakete erostera. Eta azkenik, Bidaurretako nekazariak, gaur egun bakarri hari bada ere, proiektu kolektibo bat izan zen, lehen sektorean taldean haritzearen garrantziaz jardun zen.
Hirurak proiektu kolektiboak izaki, antolaketaren inguruko galdera bat luzatu zitzaien, modu honetara antolatzearen zergatiak eta aurkitu zituzten erraztasun eta zailtasunen inguruan. Bukatzeko proiektu bakoitzari zuzendutako galdera zehatzago bat egin zitzaien, eta hausnarketarako tarte bat ireki zen.
