Cederna Garalurrek “Nafarroako Mendialdeko Ondare Migratuaren” online katalogoa argitaratu du

Ekimena Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatzen dute, eta gaur egun jatorrizko kokalekutik kanpo dauden Mendialdeko ondare-ondasunak identifikatzea eta dokumentatzea du helburu.

Cederna Garalur elkarteak Nafarroako Mendialdeko Ondare Migratua proiektuaren online katalogoa argitaratu du, eta, horrela, azken urtean egindako lanak amaitu ditu.

patrimoniomigradonavarra.eus webgunean eskuragarri, katalogoak hainbat arrazoi direla medio jada jatorrizko lekuan ez dauden Nafarroako Mendialdeko ondare-ondasunak biltzen ditu. Tresna honen bidez, interesa duen edonork eskuratu ahal izango du proiektua garatu bitartean identifikatutako ondare-elementuei buruzko informazioa, horietako asko orain arte nahiko ezezagunak. Fitxa bakoitzak ondasunaren deskribapena, lekualdaketari edo egungo kokapenari buruzko informazioa eta, ahal izan denean, lehengoratzeko edo berreskuratzeko proposamenak jasotzen ditu.

Katalogoak 115 pieza eta ondare-elementu biltzen ditu guztira, Antzinarotik XIX. mendera bitartekoak. Horien artean daude argazki-bildumak, ondasun arkeologikoak, eskulturak, pinturak, elementu etnografikoak eta dokumentazio bibliografikoa. Joan den maiatzaren 18an egindako prentsaurrekoan aurkeztutako kasu aipagarrienetako batzuk honako hauek dira: Errondoko elizaren tinpanoa, gaur egun New Yorkeko Arte Metropolitanoaren Museoan kontserbatzen dena; Arrolako errotaren turbina, Ezkarotzen; Olaztitik datozen historiaurreko giza hezurrak; edo Vesollako Ama Birjinaren tailu gotikoa, Ibargoitiko Udalak berriki berreskuratu duena.

Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzari esker egin ahal izan da katalogo hau. Juantxo Aguirre azterlanaren zuzendariak azaldu duenez, “inbentario hau posible izan da gutxienez ehun informatzaileren laguntza eskuzabalari esker. Katalogoa landa-lan mardularen emaitza da, herriz herri bisitak eginez eta herritarrekin harreman zuzenak ezarriz lortu dena“.

Aguirrek, halaber, nabarmendu du tresna irekia eta dinamikoa dela, eta etorkizunean ekarpen berriak egiteko aukera emanen duela. Ildo horretan, Arantxa Aguirre Cederna Garalurreko presidenteak azpimarratu duenez, “proiektu honek gure sustraien parte diren ondasunei lotutako memoria kolektiboa berreskuratzen du. Ondareak gure historiaz eta nortasunaz hitz egiten digu, nondik gatozen ulertzen laguntzen digu eta gure komunitatearekiko loturak sendotzen laguntzen digu “.

Nafarroako Mendialdeko Ondare Migratuaren katalogoa Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasuneko FEADER funtsen bidez finantzatu da, Nafarroako PEPAC 2023-2027 programaren LEADER neurriaren bidez.

Informazio gehiago

Scroll to Top