
LTokiko erakunde, eragile eta norbanakoek paper garrantzitsua izaten ahal dute tokian tokiko elikadura sistemak eraiki, garatu eta indartzeko garaian. Modu honetan, tokiko nekazal-sistemak indartzeaz gain, eskualdeari gertuko, kalitatezko eta iraunkorra den elikadura bat eskaintzea du helburu. Bertze modu batera erranda, elikadura burujabetzarantz pausoak ematea.
Elikaduraren gaia hagitz zabala eta konplexua denez, arlo aunitzetan lan egiten ahal da: jantoki publiko (zahar etxe, eskolak…), merkataritza ttikia, ekoizpena, turismo iraunkorra, hezkuntza eta abar. Baztan-Bidasoa eskualdean badira hainbat eta hainbat adibide, eragile desberdinek eta arlo desberdinetan pausoak eman izanaren ondorio direnak.
Baztan-Bidasoa eskualdean tokiko elikadura sistema indartzeko asmoz eta eskualde mailako hausnarketa bat garatzeko, urriaren 3an, Donezteben (Galbaraialden) jardunaldi batzuk antolatu dira, “Baztan-Bidasoa elikadura” egitasmotik.
Goiz horretan, tokiko elikadura sistemak zer diren azaltzeaz gain, bertze zenbait herritan garatzen ari diren ekimenak ezagutzeko aukera izanen dugu, baita gero hausnarketetarako tartea ere bai.
EGITARAUA (9:00- 13:30)
- Harrera eta ongi etorria
- 1.zatia.
- Erronka globalen aurrean Tokiko elikadura sarea ehuntzen. Mirene Begiristain Zubillaga. Ekonomialaria. UPV/EHUko irakaslea eta agroekologian ikertzailea. Biolurreko koordinazio taldeko kidea.
- Nola eragin udaletatik? Tokiko elikadura politikak. Lorea Lizarreta Insausti. Baztango udaleko Landa garapeneko eta tokiko ekonomiako zinegotzia.
- Oiartzun Burujabe egitasmoko elikadura mahaia. Ibon Mitxelena Fernandez. Oiartzungo burujabetza eta ekonomia sozialeko zinegotzia.
- Hamaiketakoa bertako produktuekin
- 2.zatia.
- Sakanako hiltegia eta zatitze gela. Kalaska kooperatiba.
- Alegiko Sindikatoa. Itsasoko ekoizle eta kontsumitzaileen denda.
- Bidaurretako Nekazariak. Kolektibotasunetik baratzezaintzan.
- Jardunaldien itxiera.
Jardunaldi hauek gaian interesa duen edozein eragile, udal ordezkari eta herritarri zuzenduta egonen dira.
Jardunaldiak euskaraz izanen dira, itzulpen zerbitzua egonen da.
Izena emateko, bete galdetegia lotura honetan (azken eguna: urriak 1): labur.eus/elikadurajardunaldiak
Edozein zalantza, jarri harremanetan: bidasoa-elikadura@cederna.es
